Ternuaren emakume eta gizonentzako RIDE ON prakek Gold Industry Award saria lortu dute, egun hauetan Friedrichshafen hirian (Alemania) egiten ari den Outdoor azokan. Nazioarteko adituen epaimahai batek munduko produkturik berritzaileenei ematen duen sari nagusia da. Hain zuzen, prakek berrikuntza iraunkorren kategorian lehiatu dute. Guztira, fabrikatzaileek 330 produktu aurkeztu dituzte. Haietatik, 37 irabazle aukeratu dira, eta epaimahaiak zortziri soilik eman die Gold Industry Award delakoa, besteak beste Ternuaren prakei. Erabiltzen ez ziren arrantza-sareetatik lortutako hariaz egindako praka horien diseinua eta funtzionalitatea balioetsi ditu epaimahaiak. RIDE ON eta UPRIGHT prakak dira REDCYCLE proiektuan egindako lehen janzkiak, baina, 2018 udaberri-udako bilduman, CEIDE emakumeentzako galtza-elastikoak ere sartu dira. Proiektu hori 2015ean sortu zen, Ternuak eta OPEGUIk (Gipuzkoako Baxurako Arrantza Ekoizleen Elkartea) sustatuta. Haren helburua Bermeoko, Getariako eta Hondarribiko euskal kofradiek erabiltzen ez zituzten arrantza-sareak biltzea eta sare horiek hari bilakatzea da, janzki tekniko iraunkorrak ekoizteko. 2016an, abandonatutako 12 tona sare jaso ziren, eta, sare horiek erabiliz, Ternuak urrian dendetan egongo diren bi galtza-mota sortu ditu. Redcycle proiektuaren helburua da gizarteari ulertaraztea birziklatzeak eta planeta zaintzeak duen garrantzi handia.
Sareak birziklatzeko, Ternua Italiako Aquafil enpresarekin aritu da elkarlanean. Enpresa hori aitzindaria da birziklatze-prozesu paregabe bati esker, erabiltzen ez diren sareetatik eta nylonezko beste hondakin-material batzuetatik ECONYL® izeneko hari bat sortzeko. Hortaz, ibilbidea portuan hasten da. Han biltzen dira sareak, eta Eslovenia bidaltzen dira. Han, Aquafilek, hondakinak prestatu, txikitu eta garbitu ondoren, ECONYL® haria egiteko instalazioetara bidaltzen ditu. Horiek ere Eslovenian daude. Orduan, hondakinek birziklapenean zeharreko bidaiari ekiten diote: lehengai bihurtzen dira berriro, eta, ondoren, ECONYL® haria egiteko erabiltzen dira. Eta haria ehun-ekoizleei bidaltzen diete. Azkenean, arrantza-sareak eta beste material batzuk (hala nola moketak) birziklatzen dira haria egiteko. Hari hori Bartzelonako IBQ enpresara bidaltzen dute, ehunak egin ditzan, eta, ehunak Arrasatera iristen direnean, Ternua janzkiak diseinatzen eta garatzen hasten da. Lehenengo honetan, 12 tona sare bildu dira, eta, horri esker, Ternuak 9 tona poliamida birziklatu ditu, eta erabilgarri lortu. Hain zuzen, 18 tona petrolio kontsumitzea eta 40 tona CO2 sortzea galarazi du Ternuak, hori baita poliamida birjinaren kantitate hori lortzearen ondorioa.
Edu Uribesalgo Ternuaren sortzaile eta Ternua Groupeko I+Gko zuzendaria pozik azaldu da albistearen berri izatean: “Sari horrek aintzat hartzen du Ternuan Redcycle proiektuarekin egin dugun lana. Hasiera-hasieratik jardun dugu proiektu horretan, portuan sareak biltzen direnetik azken emaitza lortzen den arte. Sareak hari bihur ditzakeen hornitzaile bat aurkitzea zaila izan zen. Baina hor daukagu ordaina. Espero dugu sari horrek proiektua zabaltzen laguntzea, gero eta enpresa gehiagok bat egin dezaten gure kausarekin. Kalkulatu denez, 640.000 tona sare daude gaur egun itsas hondoetan (Europako Ingurumen Agentzia). Sare horiek, itsasoa kutsatzeaz gain, heriotza eragin diezaiekete zenbait animalia-espezieri. Guk ez dugu arazo hori konponduko, baina haren eragina txikitzen lagundu dezakegu. Eta zenbat eta gehiagok parte hartu, orduan eta hobeto. Beraz, dei egiten diegu enpresa guztiei eta, bereziki, ehungintzako enpresei, gure Redcycle proiektuarekin bat egin eta berrikuntza iraunkorraren alde egin dezaten, beste modu batean ekoiztea baitago”.
Gogoan izan behar da Ternuak iraunkortasun-parametroen arabera diseinatzen eta ekoizten dituela produktuak. 2018ko udaberri-udako produktuen % 99 egiteko, ehun hauek erabiltzen ditu: Bluesign ziurtagiria duten ehunak, % 100ean organikoa den GOTS (Global Organic Textile Standard) kotoiaz egindako ehunak, ehun birziklatuak eta ehun natural biodegradagarriak. Gainera, 2018ko udaberri-udako bildumako janzkien % 25 birziklatuak eta birziklagarriak dira. 2018ko udazken-neguko bildumako produktu guztiak PFCrik gabeak izateko konpromiso sendoa du. Izan ere, 2018ko udaberri-udako produktuen % 97 PFCrik gabeak dira, eta gainerako % 3, berriz, PFOA/PFOSik gabeak. Ternua munduko lehen konpainia izan da lumadun produktu guztietan Neokdun luma birziklatua erabiltzen eta luma birziklatuei PFCrik gabeko tratamendu hidrofugoa aplikatzen. Lasterketa geldiezina da, iraunkortasunera eta ekonomia zirkularrera. Aldi berean pertsonak eta Lurra babesten dituen marka da Ternua, eta hori da haren apustu garbi eta irmoa.
Berrikuntzaren alorrean, Ternuak lehen mailako laguntzaileak ditu, hala nola Alberto Iñurrategi alpinista. Pertsona horiek diseinatzen diren janzkien prototipoak aztertu eta probatzen dituzte, berrikuntza-laborategi moduko bat balira bezala; izan ere, haiek dira produktu berrien garapenerako erronka berriak ezartzen dituztenak, produktuak merkaturatu aurretik probatuz. Hain zuzen, produktu horiek What’s Next proiektuaren baitan daude. Azkenik, markaren Craftmanship izaera nabarmendu behar da. Alegia, bere arropa egiten duen fabrikatzailea da. Bere egoitzan egiten ditu janzki guztiak, eta marka guztiek ezin dute.